Komisarioa/gaia
LASTER

Reset

2026ko ekainean Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak 20 urte beteko ditu. PAUSA, PLAY eta REC botoiak sakatu ondoren –aurreko hiru edizioetako gaiak– hurrengo edizioaren haria honako hau baino ezin zen izan: RESET. Sistema berrabiaraztera gonbidatzen gaituen tekla.

Badakigu urteurrenak ospatzeko uneak izaten direla, baina aukera ezin hobeak ere badira atzera begiratu eta balantzea egiteko, gure artxiboak berrarakatzeko eta aldatu dena ikusi ahal izateko. Eta, aldi berean, berriro erein ahal izateko lurra iraultzen den bezala, energia berrituarekin gure burua aurrera proiektatzeko aukerak ere badira urteurrenak.

Horregatik datorren edizioan aldaketa-, birlantze-, birziklatze- eta berrasmatze-esperientziak lantzen dituzten proiektuak egongo dira ikusgai eta baita ere bizi-zikloak edota ospakizunak jorratzen dituztenak. Sistemaren edozein alderen berrabiarazketa.

Komisarioa

Maider Jiménez

María Ptqk

1976an Bilbon jaioa, arteen eta kultura teknozientifikoaren arteko elkarguneetan espezializatutako komisarioa, ikertzailea eta kultura-kudeatzailea da María Ptqk. Ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan Paris II–Sorbonnen eta  Kulturaren Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Komisariatu dituen erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), À propos du Chthulucène et ses espèces (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2019-2021), Extinción Remota Detectada  (LABoral, Gijón, 2022) eta Máquinas de Ingenio (Tabakalera, Donostia, 2023).

Breve historia del pimiento para uso de la vida extraterrestre (2017), Especies del Chthuluceno. Panorama de prácticas para un planeta herido (2019) eta Laboratorios ciudadanos: una aproximación a Medialab Prado (2021) taldean sortutako liburuak eman ditu argitara. Gaur egun Getxophotoko komisarioa da eta consonni argitaletxearen eta Daniel eta Nina Carasso Fundazioaren aholkularia. 2024tik .able arte, zientzia eta diseinuko aldizkari akademikoaren koordinazio editorialaren arduraduna da.