•Betrachterbilder
Betrachterbilder (Ikuslearen irudiak) izeneko lan honek kontakizun historikoak sortzeko panorama tresna gisa nola erabiltzen den hausnartzen du. Lanak Austriako Innsbruck hirian dagoen Tirol Panorama ospetsua du abiapuntu, non 1809ko Bergiselgo batailako pintura zirkular handi bat erakusten den –tiroldar nazionalismoaren historian mugarria–, eskualdeko paisaia alpetarraren ikuspegi bikainarekin batera. Hala ere, gailuaren logika alderantzikatuz, atzean paisaia duen borrokari argazkia atera beharrean, hari begira dauden pertsonak erretratatzen ditu egileak. Esposizio-denbora luzeak, eremu-sakontasun eskasak eta diafragma-irekiera handiak, diapositiben erabilerarekin batera, itxura gardena ematen diete irudiei, eta horrek barnera biltze eta kontenplazio-sentsazioa indartzen du, bisitariengan ikuspen hori eraginez, guk, kameraren aldean egonik, eskura ez duguna.
XIX. mendean, panorama oso baliabide bisual ezaguna izan zen, zinearen, ziberespazioaren eta 3Dren aurreko esperientzia murgiltzailea. Tirol Panoramaren kasuan, “ikusmenaren makina” hori, Paul Viriliok esango lukeen bezala, ikasteko, propaganda egiteko eta turismoa erakartzeko tresna da aldi berean; erabateko ikuskizun narratiborako gailua.
•
1964an Dornbirnen (Austria) jaioa, Arno Gisinger Parisen bizi eta Paris 8 Unibertsitateko irakasle da. Bere prestakuntza akademikoa École nationale supérieure de la photographie d’Arles-en egin zuen, eta Innsbruckeko Unibertsitatean Historia eta Aleman Filologia ikasketak burutu zituen. Artista eta historialari gisa duen heziketa bikoitzak memoria, historia eta irudikapen bisualen arteko harremanean lan egitera eraman du. Arte-zentro eta erakunde ugaritan erakutsi ditu bere lanak, hala nola Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en, Parisko Centre Pompidou-n, Ruhr University Bochum-eko Arte Bildumetan, Bochumeko Kunstmuseum-ean eta Mannheimgo Argazkigintza Garaikideko Bienalean. Beste erakusketa nabarmenen artean Faux Terrain / Viewer Images Frankfurteko Schirn Kunsthallen, Archéologies Reimseko Le Cellier-en eta Nouvelles histoires de fantômes daude, azken honetan Georges Didi-Hubermanekin batera egindako lankidetza Parisko Palais de Tokyo-n. Gainera, Gisingerek hainbat liburu argitaratu ditu, argazkilaritza, historia eta fikzioa uztartuz, horien artean L’Ordinaire de l’oubli (Société française de Photographie, 2001) eta Konstellation Benjamin (Transphotographic Press, 2009) daude.
Kanpoko instalazioa
•Arno Gisinger
•Betrachterbilder
13 zenbakia mapan
Lekua: Ereagako lorategiak
Ordutegia: 24 ordu
Laguntzailea:
