Zer da?

Orain dela 13 urte eta Begihandi taldeak bultzatuta, irailero Getxon egiten den eta irudia oinarri duen jaialdia da GETXOPHOTO. Mundu osoko argazkilari eta ikus-narratzaileen lanak ekartzen dira hirira, urtero lantzen den gaiaren inguruko elkarrizketa moduko bat pizteko gogoarekin.

GETXOPHOTOk espazio publikoa darabil eta irudien zirkulaziorako ezohiko formatu, euskarri eta espazioen erabilpenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Hiru urtero aukeratzen den komisario batekin elkarlanean egindako jaialdi tematikoa da; argazkigintza ezagutza, komunikazio eta gozamen estetikorako tresna bezala ulertzen duen jaialdia. Erakusketak, instalazioak, proiekzioak, kolaborazioak, laboratorio esperimentalak eta jarduera anitzek osatzen dute jaialdiaren egitaraua.

Jon Uriarte da GETXOPHOTO 2020ko komisarioa.

Aire zabalean

Espazio publikoa elkartze, gozamen eta hausnarketarako gune bezala defenditzen ditu erradikalki jaialdiak. Horregatik, aretoak eta barruko ezohiko espazioak alde batera utzi barik, erakusketa gehienak aire zabalean egiten diren instalazioak izaten dira. Kontua ez da hiria apaintzea baizik eta bereziki aukeratutako irudien bidez, hiria bera istorioak kontatzeko erabiltzea.

Istorioak

GETXOPHOTOk eragiten gaituzten gaiei heltzeko, aurre egiteko eta hauek bizitzeko baliabide bezala ulertzen du irudia. Horregatik, edizio bakoitza beti ere interes orokorrekoa den gai zehatz baten inguruan antolatzen da. Haurtzaroa, zahartzaroa, denbora edo borrokak izan dira, adibidez, azken urteotan jorratutako gaietako batzuk.

Narratiba berriak

GETXOPHOTOk besteak beste, argazkilaritza, bideoa, artxiboa, instalazioa, performance-a, arte digitala, fikziozko narratibak edota lan dokumentalak hartzen ditu bere programazioan, diziplina anitzetako narratibak lantzen dituzten sortzaileen lanak erakutsiz.

Getxophoto