Gaia
LASTER

Gaia

Imajinatu, Jon Uriarte

Ezinezkoa dirudien arren, beste agertoki batzuk imajinatzea ezinbestekoa da krisi-egoera batean. Iragarpen katastrofikoak edo utopikoak egitea baino ahalbidetzen ez duen mundu batean bizi gara, gertatzen ari dena, nola ulertzen dugun eta horren inguruan egin nahi dugun proiekzioa bereizteko aukera emango duen irudimen kritikoa garatzeko denborarik gabe. Getxophotoren 16. edizioak beharrezkoa den ariketa hori egiteko denbora eta espazioa berreskuratzea proposatzen du.

Irudiek funtsezko lana betetzen dute zeregin horretan, irudimenaren bidez ezinezko loturak sortzeko
gai diren jakintza eta praktiken parte baitira. John Hilliarden Off Screen serieak proposatzen duen bezala, argazkiari esker, gertaeretara hainbat ikuspuntutatik hurbil gaitezke, literaltasunetik harago. Mundua arrazoimenaren bidez sailkatzeko modernitatearen funtsezko tresnetako bat izan arren, denboraren eta interpretazioaren aldetik duen aldakortasunak hura zalatzan jartzeko bitarteko egoki bihurtzen du. Cemre Ye il Gönenliren Hayal & Hakikat eta Paulo Simãoren Erased bezalako proiektuek galdetzen dutena da botereposizioetatik argazki historikoa ebidentzia edo dokumentu gisa nola erabili zen, bere estrategiez jabetuz irakurketak dibertsifikatzeko eta bere helburuak borrokatzeko. Halaber, Ventura Profana eta Igor Furtadoren Come Before Winter lanak boterearen aurkako taktika subertsiboak ere aztertzen ditu, baina eliza jartzen du ardatz, egia erabatekoa lortzeko irudimena hezitzeko fedea erabiltzen duen erakundea baita. Bilaketa horrek berak mina eragin die ikuspegi totalitario horrek proposatzen dituen arauekin bat ez datozen pertsonei; gaur egun oraindik ere milioika emakumeren identitatea ezkutatu edo baldintzatzen du ikuspegi totalitario horrek, Bego Antónen Haiek danak sorginak lanak islatzen duen bezala. Ainhoa Resanoren Mercaderas edo Marisol Mendezen Madre bezalako proiektuek errepresentatzen dituzte milioika emakume horiek.

Baina irudimenak kritikoa izan nahi badu, ezin da konformatu botere-forma horiek saihestearekin, baizik eta ahal denaren mugak ireki behar ditu. Izan ere, muga horietatik harago begiratzen denean, ezagutzen ez denarekin, arrotz sentitzen denarekin harremana ezartzeko gai izan gaitezke. Munstroaren ideia, adibidez, etxekoa eta kanpokoa barneratzen dituena, oso lotuta dago irudimenarekin, paradoxa bere gain hartu eta bere egiten baitu. Jake Elwesen The Zizi Show eta Sofia Cresporen Neural Zoo proiektuek ikusizko sorkuntzarako tresna berrienak erabiltzen dituzte aukeren espazio hibrido hori ikertzeko, bai gizakiari bai beste izaki bizidun batzuei dagokienez. Bi lan horiek arrotz denarekin topo egiteko eta harremanak izateko eta identitate eta espazio desberdinen artean kokatzeko dugun gaitasuna aztertzen dute. Gaitasun horrek, hain zuzen ere, irudimen kritikoaren ahalmena deskribatzen du.

Ez da harritzekoa, Gloria Oyarzabalen Usus Fructus Abusus (La blanche et la noire) eta Juan Covelliren Tesoro especulativo lanek adierazten duten bezala, mendebaldeko museoak irudimen hori garatzeko ezintasunagatik nabarmendu izana. Bi lanek agerian uzten dute espoliazio koloniala kultura-erakunde askoren ikusmoldearen parte izan zela, bestearekiko ustiapen-harremana normalizatzen duen nagusitasun zurian oinarrituta.

Baina ez dira gorputzak soilik jarri ordenaren eta sailkapenaren araubidearen mende, ekosistemak eta planeta bera ere ikuspegi erauztzaile horretatik aztertu dituzte zientziak eta elikagai-industriak. openweather- en eta Judit Bouren When I Image the Earth, I Imagine Another eta Tomàquets lanek, erantzun gisa, irudikapen zatikatuak eta ikuspen anitzekoak proposatzen dituzte. Lehenengoek planetan jartzen dute fokua; bigarrenak, berriz, fruituetako baten laborantza aztertzen du: tomatearena. Haren irudikartografiek baztertu egiten dute argazkiaren historiaren iruditeria bisualak hartzen duen testuingurutik kanpoko argazki isolatua, Cortis eta Sonderegger bikoteak Icons seriearekin proposatzen duen bezala. Mendebaldeko ikonografiako irudirik ezagunenak estudio batean berreraikiz, beren lan xeheak mundua azaltzeko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Egoera korapilatsuak
aurreikuspen murriztaile eta katastrofista bihurtzen diren garaiotan, ikonoek ezkutatzen dituzten konplexutasunak azpimarratzea oso lagungarria izan daiteke. Ariketa honek tresnak eskaintzen ditu egoera lazgarriei jarrera emantzipatuetatik heldu eta argitzeko. Ikaskuntza horrek aukera ematen du
sistema baten kolapsoak bere ekosistemetan eta gizarte-harremanetan duen eragina bereizteko, kolapsoaren logikak irudimenean duen efektuaren aurrean.

Irudiei esker, ideiak, iraganeko egoerak, intuizioak edo fantasiak irudika ditzakegu buruan. Irudimenaren
oinarria dira, eta, beraz, funtsezkoa da nola jarduten duten galdetzea, askatasunez erabili ahal izateko. Irudiek erlazio kontrajarria dute gaur egungo denboraren ikuskerarekin, alarma-egoera konstantearen sentsazioa elikatzen baitute, baina, aldi berean, erresistentziaren beste dimentsio batzuk sortzeko aukera ematen dute. Alejandro ‘Luperca’ Moralesen Archivo Juárez, adibidez, etengabe eskuragarri dauden irudikapen globaleko eta korporatiboko materialez jabetzen da, bere jaioterria bisitatzeko pandemiak ezarritako salbuespenezko oztopoak gainditzeko. Hala ere, Cristóbal Ascencioren Las flores mueren dos veces lanak irudiek iraganeko eta oraingo denborak kolapsatzeko duten gaitasuna erabiltzen du, harreman trunkatua bizirik mantentzeko eta, hartara, haien inkognitak interpretatzeko. Irudiek lagundu diezagukete geure denbora sortzen, etorkizuneko denboraren kolapsoaren inposizio historiko, produktibo eta distopikoetatik aske.

Garai arraro horrek atea irekitzen dio argazkigintza- aparatu desberdinei eta sortzen dituzten irudiei begirada kritikoa egiteko aukerari, haien ekoizpen-ikuskeratik urrun. Felix Schöppneren Cognition
serieak proposatzen duen bezala, bereizteko gai garen baina bistaratzeko gai ez garen teoria, hipotesi eta fenomenoen irudiak sortzen laguntzen diguten tresna bihur daitezke. Sormenaren logika eta ideiarik gabeko edukia etengabe ekoizteak eskatzen duen disrupzioa saihesteak beste egoera posible batzuk
sor ditzake. Hala nola Clare Strandek All That Hoopla instalazioarekin proposatzen duen planteamendua, non jokoak eta zoriak merkatuaren legeak eta gaur egungo argazkigintzan nagusi den pentsamolde kontserbadorea ordezkatzen dituzten. Esparru horrek, hein handi batean, ez du aintzat hartzen azken urteotan ingurunea erabat eraldatu duten teknologia berrien etengabeko agerpena. Konputazioko inbertsore kapitalistek eta zientifikoek garatzen dituzte, gaur egun, irudiak sortzen dituzten aparatu eta sistema berriak, eta ez dakite zer arazo eta oinarrizko egiteko modu dituzten. Horiek hedatzen jarraitzen dute Marco de Mutiisen Photographies without Photographer lanak frogatzen duen moduan. Teknologia berrienen kasuan bereziki garrantzitsua da nondik begiratzen den aldatzea, lerro kodetuen artean irakurtzen ikasteko aukera ematen baitu. Rosa Menkmanen eta Ted Davisen DCT Encryption Station eta David Horvitzen Public Access proiektuek digitalizazio algoritmikoak sozializazioan, intimitatean edo iritzi publikoan duen eraginari buruzko hausnarketa- esparru horiek irekitzen dituzte.

Irudimen kritikoa da amaiera ikusgarri eta itxuraz saihestezina baino haratago etorkizuna pentsatzeko tresna. Kapitalismoaren hondakinetan beste mundu posible batzuk badaudela deskubritzen laguntzen diguna da, non, Takashi Hommaren Mushrooms from the Forest-ek kontatzen duen bezala, perretxikoak bezain izaki arrotz eta arrazoiz ezezagunak, beste aukera batzuk irudikatzeko gai diren.


(Erreferentziak)
GARCÉS, MARINA. Imaginación crítica. En: Garcés, Marina (koord.). «Ecología de la imaginación». Artnodes, 29. UOC. 2022
LOWENHAUPT TSING, ANNA. The Mushroom at the End of The World, Princeton University press. 2015

Komisarioa

Jon Uriarte

Hondarribian jaio zen 1980an. Argazkilaritza ikasi zuen Bartzelonan eta Nueva Yorkeko ICP-n. PhotoEspaña eta Madrilgo Europear Unibertsitatearen master bat gauzatu zuen Proiektu eta teoria artistikoetan. Bere lana zentro eta galeria ugaritan egon da ikusgai, bakarkako eta talde erakusketetan, Madrilen, Donostian, Nueva Yorken, Berlin edo Bartzelonan esaterako. Widephoto plataforma independientearen fundatzailea izan zen, eta hiru urtez Foto Colectaniaren DONE kontzeptualizatu eta koordinatu zuen. Egun Londresen bizi da, non The Photographers’ Galleryn komisario digital moduan lanean hasi den.