Shelli Weiler

Enjoy House

Enjoy Housek sare sozialetarako irudiak sortzeko diseinatutako espazio berrietan ematen den esperientziaren alienazioa dokumentatzen du. Instagram, TikTok edo Snapchat bezalako korporazioen ezarpen eta eragin handiaren ondorioz, antzoki baten, jolas-parke baten eta museo baten arteko erdibidean dauden irudi-fabrika gisa jarduten duten tokiak sortu eta merkaturatu dira. Bezeroek, argazkiak sortzeko, zenbait klixeri lotutako atrezzozko elementuak dituzte eskura, hala nola feminitatea, ospea, turismoa, familia edota konpainiarako animaliak. Arrosa kolorea, loreak, konfetia edota flamenko puzgarriak dira bisitariek sareko irudien kanon estetikoak birsortzeko erabili ohi dituzten elementuetako batzuk.

Shelli Weiler argazkilari estatubatuarrak erabiltzaileen poseak eta espazioen azpiegiturak testuingurutik ateratzen ditu, bere begirada itxurakeriaren gogo biziaren atzean ezkutatzen den hauskortasunean jarriz. Zuri-beltzeko estetika hotza erabiliz, serie honek New York eta Los Angeles hirietako hainbat eszenatoki dokumentatzen ditu. Bizi dugun sare sozialen garai honetan, Weiler-en argazkiek desioaren merkantilizazioa eta performatibitatea aztertzen dute.

New Yorken jaioa 1996an, Brooklynen bizi da. Shelli Weiler Arte Ederretan lizentziatu zen Wesleyan Unibertsitatean, bertan beste praktika digital batzuen artean, argazkigintza ikasi zuen. Bere lana, nagusiki, fantasia ekoizpenaren eta bere porrotaren ingurukoa da eta interpretazioa dokumentatzeko, erretratua modu ez-dokumentalean darabil. Besteak beste, Robert Capa Center, Format International Photography Festival, Landskrona Foto, Tbilisi Photography & Multimedia Museum eta Fotofestiwal Lodz jaialdietan erakutsi izan ditu bere lanak. British Journal of Photography, Vogue Italia, Phroom, Paper Journal, Der Grief eta Balam aldizkarietan argitaratuak ere izan dira.


INSTALAZIOA

Enjoy House

Non: Correos leihoak (5.zenbakia mapan)
Helbidea: Torrene 6, Algorta
Erakusketa kanpoan

Artistak