River Claure

Warawar wawa

Chi’xi esamoldea emakume aymerek elkarren ondoan dauden bi geruza ehunduz sortzen duten eta grisetik hurbil dagoen kolore zehaztugabea da. Kolore hau erreferente sinboliko gisa darabil artistak gizarte boliviar mestizatu eta aberatsa aldarrikatzeko, imajinario fantastiko baten bidez.

Urteetan Boliviako argazki-errepresentazioa, eta baita hegoalde globalekoa ere, mendebaldeko narrazio erredukzionista eta folklorizatzaileetara mugatu izan da. Boliviako kultura eta nortasunaren irudi sinplifikatu eta homogeneizatua osagai etnikoetara murriztua izan da eta horrek eragina izan du hango herritarrek euren burua pentsatzen dutenean proiektatzen duten iruditerian. Iraultza industrialaren, kapitalismoaren eta kolonialismoaren garapenean zabaldutako atzerriko begirada fotografikoaren bidez ezarri ziren kanon bisualek, denbora luzez eragin handia izan dute boliviarrek euren herrialdea, nortasuna eta lurraldea imajinatzeko orduan.

Warawar wawa proiektuak, aymara hizkuntzan Izarren semea, boliviar identitate alternatiboa proposatzen du, bere sustraiak ahaztu barik mendebaldeko arrastoak ukatzen ez dituena. Antoine de Saint-Exupéryren Printze txikia eleberria Andeetako kultura garaikidean birkontestualizatuz, River Claure argazkilariak istorio ezagun hau Uyuniko gatz-lautadako paisaia estralurtarretan kokatzen du, non protagonistak FC Barcelonaren kamiseta daraman soinean.

1997an Cochabamban (Bolivia) jaioa, River Claure freelance argazkilaria, diseinatzailea eta artista bisuala da. Arte Eszenikoetan, Diseinu Grafikoan eta Ikusizko Komunikazioan graduatua, Argazkigintza Garaikidea ikasi zuen Madrilgo EFTI eskolan. Boliviako Eduardo Abaroa Sari Nazionala eta Espainiako Roberto Villagraz beka irabazi zituen. Bere lana hautatu zuten New York Times egunkariko portfolioen berrikuspenean, 20 Fotógrafos sorkuntza laborategian eta Valparaisoko (Txile) Nazioarteko Argazki Jaialdian. World Press Photo 2020ko Joop Swart Masterclass sarirako izendatua izan da, eta British Journal of Photographyren Ones to Watch 2020an argazkilari nabarmenena izendatu zuten. Every Day Boliviako argazkilari taldeko kidea da. Bere lanak Kolonbian, Txilen, Espainian, Estatu Batuetan eta Bolivian erakutsi dira. Erresuma Batuko Format jaialdiak emandako Genesis Imaging Award 2021 saria jaso berri du.


INSTALAZIOA

Warawar wawa

Non: San Nikolas plaza (11. zenbakia mapa)
Erakusketa kanpoan

Artistak