Penelope Umbrico

TVs from Craigslist

Interneten salgai dauden telebisten argazkiekin osatutako proiektua da TVs from Craigslist. Sailkatutako iragarkien Craigslist webgunean irudiak bilatu eta bertatik deskargatzen ditu Penelope Umbricok, ondoren pantailak moztu eta telebista bakoitzaren eskalara egokitzeko. Berriro enkoadratu eta handitu ondoren, irudiok argazki hauek atera zituzten pertsonen nortasunaren eta intimitatearen trazuak erakusten dituzte. Nahiz eta argazki hauek helburu komertzial batekin eginak eta partekatuak izan, euren telebistak saldu dituztenen bizilekuak eta gorputzak ere nahi gabe islatzen dira pantailetan, pertsona hauen gela desordenatuak edo biluztasun-maila desberdinak agerian utziz.

2009an serie honi hasiera eman zionetik, Penelope Umbricok irudi berriak bilatu eta gehitzen dizkio proiektuari ikusgai jartzen den bakoitzean. Lana pixkanaka eguneratzeak aurrerapen teknologikoak ezagutzera ematen ditu, hala nola telebista-pantailen gainazalen bilakaera, Interneteko irudien bereizmena eta tamaina gero eta handiagoak, edota argazki-kameren sofistikazioaren ondorioz eman den flasharen erabilera txikiagoa. TVs from Craigslist lanak irudiak ekoizteko, zirkularazteko eta kontsumitzeko gailuen bilakaera dokumentatzen du, eta aldi berean, erabilera intimoen eta komertzialen arteko tentsioak ere aztertzen ditu.

1957an Filadelfian jaioa, Penelope Umbrico multimedia-artista oso ezaguna da, batez ere bilaketa motorretan eta argazkiak elkartrukatzeko webguneetan aurkitutako irudiez jabetzeagatik. 1980an Torontoko Ontario College of Art-en graduatu zen eta 1989an masterra lortu zuen New Yorkeko School of Visual Arts-en. MoMA PS1 eta New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, Massachusettseko MassMoCAn, San Frantziskoko Arte Modernoaren Museoan, Milwaukeeko Arte Museoan, Gostako Arte Museoan (Finlandia), Bartzelonako Foto Colectania Fundazioan edo Londreseko Photographers’ Galleryn erakutsi du bere lana. Besteak beste, Daeguko (Korea) Argazki Bienalean, Pingyaoko (Txina) Nazioarteko Argazki Jaialdian, Kunstverein Ludwigshafen (Alemania), Les Rencontres d’Arlesen (Frantzia), The Gallery of Modern Art-en edo Brisbanen (Australia) parte hartu du. Sari ugari jaso ditu, hala nola Guggenheim beka, Sharpe-Walentas Studio Grant, Smithsonian Artist Research Fellowship, New York Foundation of the Arts Fellowship, Anonymous Was a Woman Award edota Aaron Siskind Foundation Individual Photographer’s Fellowship. Bere monografiak Aperture NYC eta RVB Books Parisek argitaratu dituzte. Gaur egun gradu eta maisutza irakaslea da New Yorkeko School of Visual Arts-en.


INSTALAZIOA

TVs from Craigslist

Non: Amezti aretoa (2. zenbakia mapan)
Helbidea: Amezti 6, Algorta
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 17:30 – 20:30
Larunbatak 11:00 – 14:30 / 17:30 – 20:30
Igandeak 11:00 – 14:30
Erakusketa aretoan


INSTALAZIOA

53.6 Million Metric Tons of E-Waste 2020 (eBay, Alibaba)

Non: Amezti aretoaren aurrealdea
(2. zenbakia mapan)
Helbidea: Amezti 6, Algorta
Instalazioa kanpoan

Artistak