Lebohang Kganye

Ke Lefa Laka

Bere ama hil ondoren, Lebohang Kganye artista hegoafrikarra berarekin zuen lotura mantentzen saiatu zen, amaren objektu pertsonalak berrikusiz. Horien artean, ordura arte ikusi gabe zituen argazki eta jantziak aurkitu zituen. Irudiotan, ama modako emakume irribarretsu, ausart eta eder gisa agertzen zen.

Kganyek Roland Barthesen La chambre claire liburuko testua erreferentziatzat hartzen du, Barthesek bere amaren presentzia espektrala kontatzen baitu hil ondoren bere argazkiak berrikustean. Horrela hasi zen mamuaren ideia Kganyen lanean azaleratzen. Bere kasuan, ordea, ez zen irudiak aztertzera mugatu, argazkiak atera ziren lekuak ere bisitatu zituen, amak erabiltzen zituen zapata eta soinekoak jantzi eta bere jarrera berberak imitatu zituen. Ondoren, bere amaren argazkiak gainjarri zituen esposizio bikoitzetan egindako eszenifikazioekin, beraien esperientziak konektatzeko eta beraien presentzia bizirik mantentzeko asmoz.

Kganyeren fotomuntaiek irudiaren mugak aztertzen dituzte, memoriarako tresna ere badirelarik, eta horrezaz gain, irudimenezko elkarrizketa bisual baten bidez, amaren eta alabaren arteko identifikazio bat eragiten dute.

1990ean Johannesburgon, Hegoafrika, jaio zen Lebohang artista bisuala, bere lanean eskultura, performancea, instalazioa eta zinema barne hartzen dituena. Argazkigintza ikasketak Market Photo Workshopen hasi zituen, Johnnesburgon, 2009an, eta 2011n jarraitu. Johannesburgoko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen 2014an eta, gaur egun, Arte Ederretako masterra ikasten dihardu Witwatersrand Universityn. Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Grand Prix Images Vevey (2021/22), Paulo Cunha e Silva Art Prize (2020), Camera Austria Award (2019) eta Rolex Mentor & Protégé Arts Initiative (2019). Gaur egun, Lebohangek hainbat erakusketa kolektibotan parte hartzen du, Family Affairs.Family in Current Photography eta The Power of my Hands, adibidez, Deichtorhallgo House of Photography-n, Hanburgo, eta Parisko Musée d ‘Art Moderne-en, hurrenez hurren. Horrezaz gain, Afterglow Yokohama Museum of Art (2020), Africa State of Mind, Royal West of England Academy, Bristol (2019-2020) eta San Frantziskoko Museum of the African Diaspora-n (2019) ere izan ditu erakusketak.


INSTALAZIOA

Ke Lefa Laka

Non: Containers Portu Zaharra
(12. zenbakia mapan)
Erakusketa kanpoan eta aretoan
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 17:30 – 20:30
Larunbatak 11:00 – 14:30 / 17:30 – 20:30
Igandeak 11:00 -14:30


ERAKUSKETA

Ke Lefa Laka

Non: Kutxa Kultur Plaza (Donostia)
Helbidea: Tabakalera, 4.solairua
Erakusketa aretoan
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 9:00 – 22:00
Larunbatak eta igandeak 10:00 – 22:00

Artistak