Eleonora Agostini

A Blurry Aftertaste

Eleonora Agostiniren lanak etxeko egiturak, dinamikak eta esperientziak jorratzen ditu. Performancea, eskultura eta argazkigintzaren arteko erdibidean, A Blurry Aftertaste-k etxea osatzen duten espazio, objektu eta pertsonen arteko harremanetan jartzen du arreta.

Bere familiako kideekin egindako esperimentu performatiboak eta elkarlanezkoak baliatuz, familien baitan aldi berean ematen diren intimitate eta klaustrofobiaren artean dabiltza Agostiniren argazkiak. Argazkilari italiarrak, oroitzapenak eta eguneroko gertakizunak berregiteko antzezleku bihurtzen du bere etxea kamerarantz beren-beregi sortutako ariketak erabiliz. Familiako argazkigintzaren izaera enigmatikoa abiapuntutzat hartuz, komunikazioa suspertzeko eta traumak barneratu, begiratu eta gainditzeko eszenifikazioa darabil lan tresna gisa artistak.

A Blurry Aftertaste lanak, etxe barruko giroa absurduaren eta ezohikoaren antzerki bat bezala erakusten du, egitura eta ekintza anti-monumentalez osatua. Etxearen ideiaren hauskortasuna jorratzen saiatzen da proiektu hau. Horretarako objektuen oreka eta grabitearekiko erresistentzia ikertzen ditu, eta baita etxean ematen diren botere posizioak eta horiek betetzen dituztenen arteko hartu-emana ere.

Italian jaio zen 1991n, eta Londresen bizi eta egiten du lan. Argazkilaritza ikasi zuen Milango Istituto Europeo di Design-en eta argazkigintzan maisutasuna lortu zuen Royal College of Art-en 2018an. Bere lana nazioartean erakutsi da eta inprimatutako eta online argitalpen ugaritan agertu da. Bloomberg New Contemporaries 2019an parte hartzeko aukeratutako artistetako bat izan zen eta 2021ean Foam Paul Huf sarirako ere izendatua izan zen. A Blurry Aftertaste bere lana Government Art Collection delakoaren parte da eta liburu moduan argitaratu zen Paper Journal Annual 2019ko parte bezala. L21 Gallery (Palma Mallorcakoa), South London Gallery eta Borough Road Gallery (Londres), Leeds Art Gallery (Leeds), MAR Ravenna, National Museum of Gdansk eta Pariseko Circulations eta Derbyko Format jaialdietan erakutsi ditu bere lanak Eleonorak azken urteotan. The New York Times, The Telegraph, The Financial Times eta Port Magazine egunkariekin kolaboratzen du.


INSTALAZIOA

A Blurry Aftertaste

Non: Containers Portu Zaharra
(12. zenbakia mapa)
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 17:30 – 20:30
Larunbatak 11:00 – 14:30 / 17:30 – 20:30
Igandeak 11:00 -14:30
Erakusketa kanpoan eta aretoan

Artistak