Dina Kelberman

Your Hail Photos

Interneten partekatuak izan diren eta esku-ahurretan txingor aleak erakusten dituzten argazkien bilduma da Your Hail Photos. Irudi gehienak serie honen izenburu bera zeukaten Estatu Batuetako tokiko egunkarien sekzioetara bidaliak izan ziren. Irudiok naturarekiko harreman espontaneoa eta inozentea islatzen dute, eta aldi berean, naturak eragiten duen harridura partekatzeko konpultsioa. Serie honek naturaren eskalan kokatzen du gizakia, txingorra eusteko aski handia baina ekaitzei aurre egiteko babesgabea eta nimiñoa den izaki gisa, alegia. Txingorra hain txikia izanik, triskantza handiak eragin ditzakeela gogorarazten dizkigute irudiok.

Dina Kelbermanen lan berri honek, harriak ez ezik, harri hauek partekatzen dituzten pertsonak ere deskribatzen ditu. Txingorrari eusteko modua, eskalaren berri ematen duten erregelak, eskuen zikintasuna edo garbitasuna, eta irudi bakoitzaren ondoan azaltzen dena, pertsona hauen nortasunaren ezaugarriak asmatzeko lagungarriak suertatzen dira. Argazkiak argitaratuak izateko hartuak izan ziren edo ustekabean sortuak, ondoren komunikabideetara bidaliak izateko? Txingorra aldi berean misteriotsua, gatzgabea eta iragankorra da, izan ere, erretratatua den bitartean desagertzen da.

Gizarte Zerbitzuak bere baitan hartzen dituen Getxoko eraikin baten leihoetan erakutsia, serie hau nazioarteko beste ikusleengana ailegatzen da. Bere sortzaileek mundu mailako zerbitzua eskaintzen dute. Nahiz eta noiz eta non aurkitu ziren ez jakin, ezta nork eta zergatik batu zituen ere, mezua argia da: hara, begira zer jausi den zerutik!

Dina Kelberman Estatu Batuetako Annapolis hirian jaio zen, 1979an. Arte Ederretan lizentziatu zen New Yorkeko Purchase Collegen. Kelbermanek erakusketa ugari egin ditu Estatu Batuetan eta nazioartean. Halaber, bilduma digitalak sortu ditu New Museum eta New Yorkeko Marina Abramovic Institutuaren webguneetarako. Bere lana nazioarteko biurteko askotan aurkeztua izan da eta aipatua izan da hainbat argitalpenetan, besteak beste, The New York Times, Art21, NPR, Known and Strange Things (Random Housek argitaratutako saiakera bilduma) eta, oraintsu, The Focal Press Companion to the Constructed Image in Contemporary Photography (Routledgek argitaratutako bilduma) eta Art in the Age of the Internet, 1989 to Today  (Institute of Contemporary Art/Bostonek argitaratua). 2018an Kenneth Goldsmith poetak Atenaseko UbuWeb konferentzian parte hartzera gonbidatu zuen. Fotomuseum Winterthurrek ere, Londreseko P3 Post-Photography Prototyping Prize Biurtekoan parte hartzera ere gonbidatu zuen. 2019an bere lehen film luzea osatu zuen, The Goal is to Live. Gaur egun, Nintendo Entertainment Systemeko munduko sailkapenean 5. postuan dago. 2020an Dazibaoko Instagram Egoitza lortu zuen.


INSTALAZIOA

Your Hail Photos

Non: Urgull lehioak (6. zenbakia mapan)
Helbidea: Urgull z/g, Algorta
Erakusketa kanpoan

Artistak