Thaddé Comar

How was your Dream?

2019ko ekaina eta urria artean Hong Kong-en izandako protestei buruzko argazki-proiektu dokumentala da How was your Dream?. Lan honek aro post-garaikide honetan kontrol handipean bizi diren gizarteek asmatutako manifestazio-eredu berriak aztertzen ditu. Lanaren tituluak manifestatzaileek haien bizipenei buruz isilpean hitz egiteko erabiltzen duten esaldiari egiten dio erreferentzia. Orain dela bost urte estatuak eta indar polizialek azkar eta bortizki zapaldu zuten “euritakoen iraultza”, baina 2019an berriro piztu zen altxamendu demokratikoa.
Kontrol sistema sofistikatuari –aurpegi antzematea, geolokalizazioa, entzuketak, infiltrazioak, ur-kainoiak, gas negar-eragilea, helikopteroak, arma sonikoak, errifle ez hilgarriak– aurre egiteko eta zapalketaren ondorio latzak arintzeko, Hong Kong-eko manifestatzaileek ikusezintasunean oinarritutako teknikak garatu dituzte, hala nola, anonimotasuna, laserrak, Faraday efektudun zorroak, dron-bidezko ikusmena, era guztietako maskarak, komunikazio enkriptatua… Gailu berri hauek guztiak borroka eta erresistentzia moduen eraldaketarako lagungarriak dira, baina aldi berean, norbanakoen berezko berezitasunen desagerketa ere badakartzate. Etorkizunean, gizarteek eta kontrol sistema sofistikatuek gure berezitasunak ezabatzera derrigortuko al gaituzte? Aldaketa hauek nortasun komun bat ekarriko ote dute? (Thaddé Comar)

Thaddé Comar, 1993an Parisen jaioa. Ekonomia eta Gizarte-Zientzietan lizentziatua, 2014an argazkilaritza ikastea erabaki zuen. 2018an cum laude graduatu zen École cantonale d’art de Lausanne-n (ECAL). Bere lana gaur egungo gertakizunei eta mugimendu sozialei sakonki lotuta dago. Paris eta Suitza artean bizi da, non lan editoriala, enkarguak eta ikerketa pertsonalak gauzatzen dituen. Bere lana Vevey Images edo ParisPhoto-n egon da ikusgai, eta Vice Magazine France, It’s Nice That, Trans Magazine edota Variety Magazine bezalako agerkarietan ere argitaratua izan da.