Victoria Ascaso

T4BU Thanks for being you

Victoria Ascaso artista eta ikerleak garatutako Thanks for being You (T4BU) aplikazioak, sare sozialek ustia­tzen duten agerpen publikoa du hizpide. Proposamen parte-hartzaile hau baliatuz, intimitatearen produkzioan, hedapenean eta kontsumoan, telefono mugikorrek jokatzen duten rol berria aztertzen du Ascasok.

Jaitsi eta instalatu ondoren, T4BU aplikazioak mugikorraren pantailan gertatzen den guztia aleatorioki grabatu eta gordetzen du. Gero, grabaketen artxibo hau aplikazioa erabiltzen ari direnekin partekatzen da, intimitate eta begiraden trukaketa digital berezia sortuz.

Sare sozialak erabiliz, norberaren bizitzaren sorkuntza eta zuzeneko emankizuna ezinbesteko tresna bihurtu dira gizarte-interakziorako. Ascasoren lanak Interneten nortasunak sortzeko uneetan ematen den hiperikusgaitasunean jartzen du arreta. Aldi berean, erabakiak hartzearen delegatzea azpimarratu nahi du, izan ere, aplikazioak berak erabakitzen du zer grabatu eta zer ez. Keinu teknologikoa da, telefono mugikorren bidezko espazio pribatuaren performatibitatean sakondu nahi duena. Bestetik, T4BU-k besteek guganako duten begiradaz norberak kontzientzia hartzea ere lortu nahi du.

Zaragozan 1986ean jaioa, gaur egun Bilbon bizi da. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Ikerketan doktoregai da. Fem Tek programa koordinatzen du Blanca Ortigarekin batera eta Prekariart ikerketa taldeko kidea da. Bere proiektuak disziplina anitzekoak izaten dira eta izaera performatiboa eta parte-hartzailea izaten dute jeneralean. Desioa, intimitatea eta teknologiaren erabilera sozialen inguruan egiten dute gogoeta eta baita ere, gailu teknologikoak tartean direnean pertsonen arteko harremanei buruz.


APP-A

T4BU Thanks for being you

Ospatzeko unea iritsi da. Jaitsi Victoria Ascasok sortutako app hau, eta erakutsi zure benetako izaera.


INSTALAZIOA

Info Puntua

1 zenbakia mapan
Amezti 4

Artistak