IC Visual Lab

Alone with Empire

Alejandro Acín eta Isaac Blease artistak kaosaren teoriaz baliatu dira, ikerketa-bisualeko metodo gisa Erresuma Batuko historia koloniala berrinterpretatzeko. Proiektua British Empire and Commonwealth Collection izenekoaren artxiboaz elikatzen da; 1920. eta 1960. urteen artean langile kolonialek eta haien familiek grabatutako 2.000 pelikulatik gora daude artxibo hartan. Kontakizun ofiziala azpikoz gora jartzeko helburuarekin Alone with Empire lanak bilduma hartara gerturatzen gaitu zatitutako kontakizunen bitartez. Egileek erabiltzen duten interfaze digitalak sekuentzia filmiko berriak sortzen ditu, bilduma ofizialeko materialak aleatorioki nahastuz. Prozesu horren bitartez, artxiboa modu kasual eta parte-hartzailean agertzen zaio ikusleari, lerro kronologikoak eta geografikoak hautsiz. Lehenengo instalazioa Bristolgo City-Hall-en egin zen 2018an. Ikusleei artxiboan esku-hartzeko aukera eman zitzaien, sekuentzia propioak sortuz, eta piezak beren pultzio emozionalen arabera sailkatu zituzten. Esperientzia horren emaitza 250 pelikulatik gora biltzen dituen instalazioan dago ikusgai, argazkiak, soinudun kontakizuna eta bildumaren espazioan grabatutako soinuez lagunduta.

Bristolen kokatutako argazkilaritza erakunde independientea, hezkuntza eta argazkilaritza garaikidea sustatzera bideratua. Bere helburuak dira argazkilaritza praktikaren garapena eta hau publiko ezberdinetara helaraztea. 2016ean ICVL Studio sortu zuten; produkzioan, argitalpenetan, multimedian, artxiboen kudeaketan eta komisariotzan espezializatutako estudioa.

Alejandro Acín Bristolen bizi den artista eta produktorea da. Bere lana artxiboen kudeaketa eta barreiaduran zentratu du, eta oso bilduma garrantzitsuekin egin du lan, besteak beste, Photographs of China, Bristol Industrial and Maritime Archive edota British Empire & Commonwealth Colecction. Mota ezberdinetako tailerrak eskaintzen ditu, eta bere lana Espainian, Kolonbian, Italian zein Erresuma Batuan erakutsia izan da.

Isaac Blease Bristolen bizi den artista eta komisarioa da. Argazkilaritza, zinema eta artxibo materialekin egiten du lan, memoria pribatu eta publikoaren harremanak eta hauek historiaren narratiban duten eragina aztertuz. Argazkilaritza ikasi zuen South Wales-eko Unibertsitatean eta University of the West England-en komisariotza masterra gauzatu zuen. Bere lehen liburua, Charaxes Imperialis, bere aitonak utzitako tximeleta bildumari buruzkoa da, eta ICVL-ek argitaratuko du aurten. Deutsche Bank-en DBACE saria jaso zuen 2017an eta Magnum Graduate eta Photoworks/Jerwood sarietarako aukeratua izan da. Bere lana British Journal of Photography, Paper Journal, Darwin Magazine, Der Grief edo Source-n argitaratu da.

Erakusketa
Bizkaiko Foru Liburutegia – Diputazio 7, Bilbo