Kazuma Obara

Far East – A Stolen Father

Memoria kolektiboa herrialde bakoitzeko narrazio ofizialean oinarritzen da. Japoniaren kasuan, Bigarren Mundu Gerraren kontakizun historikoak eraso nuklearrak eta herritarren biktimizazioa ditu oinarri, baina aldameneko herrialdeetara egindako inbasioak eta Japoniako ejerzitoak han egin zituen indarkeria-ekintzarik aipatu gabe. Obarak azpikoz gora jartzen ditu bertsio ofizialistak, gatazkaren memoria gerrako presoen, gatibu langile asiarren eta soldadu kolonialen ikuspuntutik eraikiz. 10 nazionalitateko 200.000 pertsonetik gora, horien artean australiarrak, korearrak eta bertako asiarrak, gatibu-lan gogorrak egitera zigortu zituen gobernu nipondarrak Tailandia eta Birmania arteko trenbidean. Apenas ezagutzen den gai hori berpiztu egin du argazkilari gazte honek, bizirik irten zirenak eta preso haien seme-alabak aurkitzeko Malaysia, Tailandia, Hego Korea, Erresuma Batua, Australia eta Japoniara bidaiatu ondoren. Entsegua Japonia barruan zein kanpoan kontuan hartu ez den historiaren protagonista anonimoen oinazean oinarritzen da. Irabazle eta galtzaileen ideia estatikoa gainditzeko ahaleginean, Obarak, gerra ahaztua eta ahaztezinaren oihartzunak berreskuratzen ditu.

 

Japonian jaio zen 1985an, eta bertan bizi da gaur egun ere. Soziologia ikasi zuen, eta ondoren Argazki kazetaritza eta Argazkigintza dokumentala London College of Communication-en. Zenbait liburu argitaratu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira Reset Beyond Fukushima, Silent Histories (auto editatua) eta Exposure. Silent Histories Paris Photo / Aperture Photobook Award-erako aukeratu zuten, baita TIME-ek ere, Lens Culture-k eta Telegraph-ek argazki libururik onena bezala 2014an. Exposure proiektuak Pertsonak kategoriako lehenengo saria irabazi zuen 2016ko World Press Photo-n. 2017an Magnum Photos Graduate Photographers saria jaso zuen. Bere irudiak honakoetan agertzen dira: The Guardian, Courier international, ZEIT, El Mundo, Le Point, BBC, NHK, IMA Magazine eta Wired Japan.

 

Instalazioa

Tokia: Amezti Aretoa
Helbidea: Amezti, 6